XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Berzaitz kantariak idatzi Harispe pastorala datorren udan Muskildin

Larrainen Xalbador egin nahi dute eta Santa Grazin Dabid Errege.

Pierre Paul Berzaitz kantariak idatzi duen Harispe izeneko pastorala antzeztuko dute muskildiarrek datozen uztailaren 21ean eta abuztuaren 4ean.

Berri hau herenegun zabaldu zen, azken igande honetan Muskildin herritarren artean egina izan den biltzarrean erabakia hartu eta gero. ALLANDE SOKARROS / BAIONA.

Hurrengo pastorala Muskildin egingo dute.

Uda honetan J. L. Davanten Abadia Urrustoi pastorala egin dute zuberotarrek.

Orainokoan ez da deliberatua izan nor izango den Harispe pastoraleko errejenta, erran nahi bait da aktoreen gidaria, ezta ere noiz hasiko diren mustraka edo entsegu saioak.

Hala ere pentsatzen da heldu den urte berriko hastapenean abiatuko direla lehen froga egiteak.

Harispe, Baigorrin sortu zen 1768ean eta bere ospea bildu zuen gehien bat Napoleon Bonaparte-ren armadaren zerbitzurako euskal brigada bat sortuz.

Zerbitzu horien sari, marexal izendatua izan zen.

LARRAINEN XALBADOR GOGOAN Hala eta guztiz, jakin dugunez, Harisperen bizitzaren zati horrek ez du pastoralaren gutiengo bat baizik osatuko eta obrak gehiago aipatuko du gizon hau izan zela bi aldiz Zuberoako diputatu eta Baxe Nafarroako Lakarra herrian jauregi bat eraikiarazi zuela.

Oroitaraz dezagun Muskildik beste pastorala bat jokatu zuela 1985ean, hau zela Allande Agergaraik idatzi zuen Allande Oihenart.

Ofizialki, Berzaitz kantariak idatzitako Harispe da datorren urtean emana izanen den pastorala bakarra nahiz eta aipatzen den Larraineko herriak ere pastorala bat muntatzeko nahia duela, Roger Idiart apezak idatzi duen Xalbador obrarekin.

Bestalde, jakin dugu Santa Graziko herriak ere baduela pastorala altxatzeko gogoa, 1922. urterako beharbada, eta hau izan litaikeela Junes Cazenave-Harigile-k izkiriatu duen Dabid Errege idazlana.

Ibar Eskuineko erretoraz mintzo gireno, erran dezagun beste obra bat ere prestik badaukala oraindik, Santa Cruz apaiz borrokalariaren bizia kondatzen duena.